Jasangarritasuna etorkizuneko oinarrizko ildo estrategikoa bihurtu da eta horri heldu dio Biziberritu proiektuak: Enpresetako material soberakinak eskolen heziketa eskaintzarako baliagarriak bihurtzen ditugu.
Zer egiten dugu?
Jakina da hezkuntza ikuspegitik zein garrantzia duen esperimentazioak. Material birziklagarriaren erabilerak onurak dakartza sormen eta jolas ikuspegitik, ikasleek mundu fisikoaz ezagutza garatzen laguntzen baitu. Horretarako, enpresa desberdinekin harremana egiten dugu eta proiektua aurkezten diegu. Enpresetako material soberakinak identifikatzen ditugu eta aukeraketa bat egiten dugu. Ondoren, material hori Biziberritu zentrora eramaten dugu, materiala egokitu eta hezkuntza zentroen eskura jarriz, formazioen bidez bidelaguntza eskaintzen dugularik. Ildo beretik, beste erakunde batzuekin elkarlana bultzatzeko asmoa dugu: udalak, herrietako elkarteak…
Proiektu pilotua Zumaian hasi zen eta Euskal Herrira zabaldu nahi dugu. 2023. urtean Debagoienara zabaldu nahi dugu.














Misioa:
Esperimentazioaren, birziklapenaren eta jasangarritasunaren kultura garatuz
Europear markoan jasangarritasunak berebiziko garrantzia hartu du, gaur egun, etorkizuneko ildo estrategiko funtsezkoa bihurtu delarik. Biziberritu proiektuaren asmoa enpresetan soberakinak diren materialak eskolen heziketa eskaintzarako baliagarriak bihurtzea da.
Gaur egungo hezkuntza ikuspegiak geroz eta garrantzia handiagoa ematen dio esperimentazioari, sormenari eta jolasari, ikasleen ikaskuntza prozesuak bultzatzerako orduan. Esperimentazio horiek egiteko erabiltzen den materiala askotarikoa izan daiteke. Biziberritu proiektuaren ikuspegitik, material birziklagarria oso interesgarria izan daiteke ikasleek mundu fisikoaz ezagutza garatzeko. Materiala zenbat eta zehaztu gabeagoa edo desegituratuagoa izan, orduan eta aukera gehiago ematen ditu esperientzia askotarikoagoak izateko eta ondorio aberatsagoetara iristeko. Sorkuntzarako ere askoz aukera gehiago ematen ditu eta ikasleen arteko lehia desaktibatu egiten du. Horrek eragina dauka ikasleen auto irudi eta autoestimuan, ikasleek sortutako artefaktuak ezin direlako eredu baten arabera epaitu edo balioztatu. Horrez gain, material desegituratuek jolaserako aukerak biderkatzen dituzte eta jolasa bera da garapen sinbolikorako funtsezko erreminta.
Bestalde, enpresetan ez ezik, ikastetxeetan berrerabilpenaren kultura eta jasangarritasunaren garrantzia nabarmentzeko balio du Biziberritu proiektuak. Ikastetxeetan esperimentazioaren, birziklapenaren eta jasangarritasunaren kultura garatu dadin, biziberritu proiektuak garrantzia ematen dio bertako irakasleekin aurrera eraman daitekeen formazio, aholkularitza eta ikerketari.
